Ludoteka.comLudoteka.com

Español
Euskaraz
English
Français

503 jokalari konektaturik

ErrotaErrota


Jatorria

Deskribapena

Helburua

Jokoaren garapena

Bukaera

Ludotekan jokatu

Errota: Jokoaren argazkia

Jatorria

Antzineko joko hau izen askorekin da ezaguna: Errotaren jokoa, Morris-en bederatzi gizonak, Morris, Merels edo Merreles. Gaur egun bizirik jarraitzen duen joko zaharrenetariko bat da. Bere jatorria ez dago batere argi. Kristo aurreko XIV. mendean aurkitu dira antzeko ziren jokoen arrastoak Egipto zaharrean, eta beranduago Grezian eta Fenizian. Jakina da XIII. menderako Europa Mendebaldean sarturik zegoela, batez ere Iberiar penintsulatik. Jokoak bere garairik oparoena XIV. mendean izan zuen, non Europar korte gehienetan jokatzen zen. Garai haietako jokoa iadanik gaur egun jokatzen den bera zen. Europa iparraldean ere asko jokatu zen, vikingoen artean garrantzia hartu zuelarik.

Joko taularen eta jokalari bakoitzak erabilgarri dituen fitxen kopuruaren (3,4,5,7,9 edo 12) arabera, jokoak aldaera desberdinak ditu. Aldaerarik sinpleena hiru lerroan joko ezaguna da. Hemen eskaintzen den aldaera, 9 fitxekin jokatutakoa da, eta estrategia aldetik dagoen interesgarriena dela esan daiteke. Gaur egun, nolabait nahiko ezaguna izaten jarraitzen du zenbait herrialdetan (adibidez Suizan, Alemanian eta Austrian)

Deskribapena

Joko honek bi jokalari lehiatzen ditu joko taula batean. Hurrengo irudian ikusten den bezala, taula honetan hiru karratu zentrukide daude, beraien aldeen erdiko puntutik elkarlotzen dituzten 4 lerro perpendikularrekin. Jokoa taulako 24 puntuetan zehar burutzen da (karratuen 12 erpinak eta aipatutako 4 lerro eta karratuen 12 ebakipuntuekin).

Jokalari bakoitzak 9 fitxa izango ditu (Morris-en 9 gizonak), bakoitzarentzat kolore desberdin batekoak izanik.

Helburua

Jokoaren helburu orokorra aurkaria taula gainean bi fitxekin uztea edo fitxak blokeaturik dituelako mugimendu posiblerik gabe uztea da.

Horretarako, jokoan zeharreko helburua errotak (hiru fitxa lerroan) egitea da norberak bere fitxekin; hau egitea lortzen bakoitzean ordainez taulatik aurkariaren edozein fitxa bat kendu ahal izango dugu.

Jokoaren garapena

Zoriaren arabera erabakitzen da nor izango den lehenengo mugimendua egingo duena. Hemendik aurrera jokoak bi fase oso desberdinak izango ditu.

Jokoaren hasieran taula hutsik dago. Lehenengo fasean, jokalari bakoitzak bere txandan bere fitxetako bat ipiniko du taulan libre dagoen puntuetako batean. Fase honetan zehar ezin da taulan ezarritako fitxarik mugitu.

Behin fitxak guztiak taulan ipinita dauzkagunean bigarren fasea hasten da. Fase honetan jokalari bakoitzak bere txandan bere fitxetako bat mugituko du ondoz-ondoko eta lerro zuzen batez loturik dagoen puntu libre batera.

Aipatutako bi faseetan zehar, taulan ipinitako edo mugitutako fitxak errota bat osatzen badu, hau da, lerro bereko hiru puntutan kokaturiko kolore bereko hiru fitxa lortzen badira, aurkariaren fitxa bat harrapatu beharko da; harrapatutako fitxa taulatik kanporatua izango da eta ez du partida beran berriz parte hartuko.

Errota bat eratzen den bakoitzean harrapaketa bat egingo da, baita aurretik eratutako errota bateko fitxa bat errota osatzen zuen lekura bueltatuz osatuta ere. Harrapaketa egin behar duen jokalariak, errotarik osatzen ez duten aurkariaren edozein fitxa aukeratu dezake harrapatua izateko. Aurkariaren fitxa guztiek errotaren bat osatuko balute, kasu horretan guztien artean bat edozein aukeratuko luke.

Jokalari bat taula gainean hiru fitxekin gelditzen denean, hau da, 6 harrapaketa jasan dituenean, bere fitxak taulako edozein puntutik edozein puntura mugitu ahal izango ditu ondoz-ondoko puntuak izan gabe.

Bukaera

Jokalari batek partida irabazten du honako bi kasuetan:

  • 7 harrapaketa burutu dituenean, ondorioz aurkariak bi fitxa soilik izango ditu taula gainean, errotarik eratu ezinik.
  • Aurkariak fitxarik mugitu ezin duenean, guztiak blokeaturik dituelako.

Xakean gertatzen den antzera, partida berdinketan amaituko da honako bi kasuetan:

  • Bi jokalariek jarraian bakoitzak 50 mugimendu burutzen dituenean eta harrapaketarik gabe.
  • Taulan hiru alditan errepikatzen denean fitxen posizioen egoera.

Ludotekan jokatu

Online jokatu beste jokalariekin

Jokatu bakarrik: errota

Gora

Copyright © 2001-2017 Ludoteka.com  Jokosare S.L.  Eskubide guztiak erreserbatuak - Lege-oharra